XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

orain, ordea, burbuila hura lehertzear zen, zaldi zuria irrintzi beltza egitera baitzihoan aurki... eta ez, Konradek ez zuen irudikatu ere egin nahi Violetarik gabeko bizitzarik...

Oroitu zuen bere iragana, Novalisen hitz eta idazkien haritik heriotza edertzen zuenean, edota Heinrich von Ofterdingenen antzera lore urdinaren bila abiatu zenean, baita aurkitu ere... baina lore hura ez zen, ez, berak orduan uste bezala betiko, hantxe baitzegoen orain bere begien aurrean zimeltzen eta zimeltzen, ahitzen, arnasa gero eta larriagotzen... eta emaztea ostu nahi zion zaldi zuriari amorruz begira, ez zegoela zaldi beltz beltzagorik zaldi zuri hura baino erabaki zuen, eta koadrotik desagertarazi behar zuela, sinboloa ezabatuz ezaba baitzitekeen, ausaz, haren eragina.

Eta Violeta lotan zegoela, koadroa estudiora eraman, pintura beltzez estali eta lehengo lekutik berreskegi zuen.

Violeta berriro esnatu eta koadroari begira jarri zenean, Konradek esan zion:

- Zaldi zuria pasa da eta ez zaitu eraman...

- Ai Konrad, ai, ai, ai! Ez al duzu ikusten hortxe datorrela, gau beltzean galapan?

Eta hasperen eginda, orduantxe bertan hil zen, koadroaren mugetatik zetorkion gau mugagabeari so begiak zabalik, zabal-zabalik.

Apezpikuaren baimenarekin, monastegiko aita prioreak bedeinkatutako hilerritxoan ehortzi zuten, barne- eta kanpo-harresien arteko angelu batean, burdinesi batek inguratuta, Oscarrengandik ez oso urruti.